XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TRANSIZIO ALDI BAT - BIZIMOLDE BERRIAK

Goi-Paleolitoaren bukaeran, duela 10.000 urte gure aroa aitzin, klimaren hobekuntza orokorrak aldaketa sakonak erakarriko ditu.

Eta hasteko, gizonek ukanen duten lur-eremua, lehenago ezagutzen zutenetik gero eta gehiago ezberdintzen joanen da.

Epipaleolitoan, izotzen urtzeen ondorioz, itsasoen heina goratzen ikusten da eta honek itsasertzen trazaketa aldatzen du.

Ondorioz, itsasaldeko eremua ttipitua gertatzen da.

Mendialdekoa ordea handitua, elur eta izotzen gesaltzeen ondotik.

Klima heze horrekin, euri nasaiekin, bazterrak itxuraldatzen dira, basoak hedatzen (1. bis argazkia) eta hostodunek belardiak ordezkatzen dituzte.

Belarjale handiz osatutako (elur-oreinak, bisonteak) aberetaldeen lekua hartzen dute basoko adardunek (oreinak, orkatzak), bai eta, basurde eta gorputz ttipiko abereek.

Tresneria ere aldatzen da eta arrantzari nola barraskilo bilketari egokitzen.

Euskal Herriko harpe batzuetako barraskilo-maskor azal lodiak ikustea aski da, garai hartan gasteropodo hori zenbat bilatua zen ohartzeko.

Barrandako ehiza bai eta ugaztun eta hegaztien zepo-ehiza hedatzen dira.

Horrela agertzen dira uztaia eta Epipaleolitoaren ezaugarri diren tresna ttikiak.

Hauek, izan ere, aurrerapen premiatsua adierazten dute, ez bakarrik suharri pisu berarentzat lanabes gehiago jalgitzean, baizik eta ere mikrolito horiei girten bat eman ahal izatean, dela gezi-punta gisa, dela zurezko lehen armadura gisa (arpoiak adibidez), honetatik eratorriko baitira ondoko aldiko bihikietarako igitaiak.

Agertzen dena baita ere da aldagai zatiaren ideia: tresna osatu batean, lasterrago eta merkeago da lanabes-zati ttiki bat (mikrolito bat) aldatzea, tresna bera osorik baino.

Honen aldamenean, garatzen doa material astuna ere, hala nola pikotx asturiarrak, maskorrak itsasarrietatik bereizteko erabili izan daitezkeenak.

Aldaketa horiek denek bizitzeko eta pentsatzeko moldeak gainekoz azpi ezarriko dituzte.

Aldi heze eta luze horretan zehar (5.000 urte K.a. bururatzen dena), gizonak eltzegintzaren hastapenak ezagutuko ditu eta ehizaz, nola basa-fruituen bilketaz, dituen ikusmoldeak berrituko.

Harpeetako egoitzak beti anitz erabiliak badira ere, gero eta gehiago, milaka urteetan zehar, aire librean eginiko egoitzei utziko diete lekua.

Lurpeko mundutik, eta honen erritoetatik askatuz bezala, gizonak gogo-aldaketa sakon bat jasaiten du, honek errito eta teknika-aldaketetara prestatzen duelarik.

Ekoizpen ekonomiaren fase prestatzailean aurkitzen gara.

Neolitoko iraultzaren garaia heldua da.